Mark Plotkin
1,522,958 views • 16:35

Hasteko, etnobotanikaria naiz. Oihan tropikalean bizi direnek landareak nola erabiltzen dituzten aztertzen duen zientzialaria, alegia. Luzaroan aritu naiz honetan, eta esan nahi dizuet bertakoek oihanak eta altxor medizinalak ondotxo ezagutzen dituztela, guk baino hobeto, guk inoiz ezagutuko duguna baino hobeto. Baina, gainera, kultura horiek, kultura indigena horiek, oihanak baino askoz azkarrago ari dira desagertzen. Amazoniako oihan tropikaleko espezie ikusgarrienak eta desagertzeteko arrisku handiena dutenak ez dira jaguarrak, edo harpia arranoak: kontaktatu gabeko tribu isolatuak dira.

Duela lau urte oin batean min hartu nuen mendiko istripu batean, eta medikuarengana joan nintzen. Beroa agindu zidan, gero hotza, aspirina, analgesiko narkotikoak, antinflamatorioak eta kortisona-txertoak. Ez zuten funtzionatu. Hainbat hilabeteren buruan Amazoniako ipar-ekialdean nengoela, herrixka batera iritsi eta xamanak esan zidan: herrenka zatoz. Hura ez dut ahaztuko bizi naizen artean. Aurpegira begiratu eta esan zidan: erantzi oinetakoa eta emadazu zure aihotza. (Barreak) Palmondo batera hurbildu zen, eta hostaila bat ebaki zuen. Sutara bota, nire oina harekin igurtzi, urez beteriko ontzi batera bota eta te hura edanarazi zidan. Zazpi hilabetean ez nuen minik eduki. Mina itzuli zitzaidanean, xamana ikustera joan nintzen berriz. Tratamendu berdina eman zidan, eta ordutik hiru urte daramatzat sendatuta. Nork sendatzea gustatuko litzaizueke? (Txaloak) Tira, ez zaitezte nahastu. Mendebaldeko medikuntza inoiz izan den sendatze-sistema arrakastatsuena da, baina hutsune asko ditu. Non dago bularreko minbiziaren sendagaia? Non dago eskizofreniarena? Non dago errefluxu gastroesofagikoarena? Non dago loezinaren sendagaia? Kontua da oihaneko jendeak, oso-oso noizbehinka bada ere, guk sendatu ezin ditugun gaitzak senda ditzakeela. Hemen sendalari bat ikus dezakezue Amazoniako ipar ekialdean leishmaniasia sendatzen, munduan 12 milioi pertsonari eragiten dion gaixotasun protozoal larria. Mendebaldean antimonio-txertoak erabiltzen dira tratamenduan. Mingarriak dira, garestiak dira, eta ziurrenez bihotzarentzako txarrak; metal astuna da. Gizon honek Amazoniako oihaneko hiru landare erabiltzen ditu sendatzeko.

Hau igel magikoa da. Nire lankide bikain Loren McIntyre hilberria, Amazonas ibaiaren sorburu-lakua aurkitu zuena, Peruar Andeetako McIntyre laguna, alegia, galdu egin zen Peru eta Brazil arteko mugan duela 30 urte inguru. Matses indio isolatu batzuek salbatu zuten. Keinuen bidez eurekin oihanera joan zedin esan zioten, eta hala egin zuen. Han, palmondoen hostoekin egindako saskiak hartu zituzten. Gero, tximino-igel berdeak hartu zituzten. Miazkatzen bikainak dira eta neurri hau dute. Orduan nire laguna miazkatzen hasi ziren. Kontua da haluzinazio ikaragarriak sortzen dituela. McIntyrek horretaz idatzi eta High Times aldizkariko editoreak irakurri zuen. Ikusten duzue etnobotanikariok kultura arraroenetan ere lagunak dauzkagula. Editore hark Amazoniara joan eta probatzea erabaki zuen, igelen miazkadak probatzea. Horixe egin, eta horretaz idatzi zuen: "Odolaren presioa zeruraino igo zitzaidan, gorputzaren funtzioen kontrola erabat galdu nuen, bapatean konortea galdu nuen, hamaka batean esnatu nintzen sei ordu beranduago, eta Jainkoa nintzela uste izan nuen bi egunez". (Barreak) Italiar kimikari batek hori irakurri, eta zera esan zuen: "Nik ez dut interesik tximino-igelaren alderdi teologikoan. Zer gertatzen da odolaren presioaren aldaketarekin?". Italiar kimikari hori odolaren presio altua kontrolatzeko tratamendu berri batekin lanean ari da, tximino-igel berdearen azaleko peptidoak oinarri dituena. Beste zientzialari batzuk botikek eragiten ez dioten Staphylococcus aureus gaitzarentzat sendabidea bilatzen dabiltza. Ironikoa litzateke isolatutako indioak eta euren igel magikoa izatea sendabidea.

Amazonia ipar-mendebaldeko aiahuaska xaman bat da hau, eta yaye ospakizunean dago. Behin Los Angelesera eraman nuen erakunde bateko arduradunarengana, euren kultura babesteko dirulaguntzak lortzeko asmoz. Arduradunak sendalariari begiratu eta esan zion: "Ez duzu medikuntza-ikasketarik, ez da hala?" Xamanak ezetz erantzun zion. Orduan gizonak: "Tira, orduan zer jakingo duzu zuk sendabideez". Xamanak hari begiratu eta: "Badakizu zer? Infekzio bat duzunean, joan medikuarengana. Baina gizakiaren arazoetariko asko bihotzekoak, burukoak eta espirituarenak dira. Mendebaldeko medikuntzak ez ditu horiek ukitzen. Nik, sendatu egiten ditut". (Txaloak)

Baina naturako botikei buruz ikastean guztia ez da arrosa kolorekoa. Hau Brazilgo sugegorri bat da. Bere pozoia São Pauloko unibertsitaten aztertu zuten, eta inibitzaile entzimatikoak egiteko erabili zen gero. Hori da hipertentsioari aurre egiteko tratamendurik aurreratuena. Hipertentsioa da munduan egunero gertatzen diren heriotzen %10aren erantzulea. Brazildar sugearen pozoinean oinarritutako industriak ia 1,7 bilioi €-ko balioa du, eta Brazildarrek ez dute zentimo bat ere jaso trukean. Ezin dugu onartu negozioak era horretan egitea.

Oihan tropikala Lurreko bizitzaren adierazpen garbiena dela esan ohi da. Surinamen badute nik biziki maite dudan esaera bat: Oihan tropikalak guk galdetu gabeko galderen erantzunak gordetzen ditu. Baina dakizuen moduan, ezin azkarrago ari da desagertzen. Hemen, Brazilen, Amazonian, eta mundu osoan zehar. Argazki hau hegazkin txiki batetik atera nuen, Mato Grosso estatuko Xingu indigenen erreserbaren gainetik pasatzean, hemendik ipar-mendebaldera. Ikusten duzue non bizi diren indioak, argazkiaren goiko erdian. Erdialdeko lerroa erreserbaren ekialdeko muga da. Erditik gora, indioak; erditik behera, zuriak. Erditik gora, sendagai miragarriak; erditik behera, ipurdi mehardun behi batzuk besterik ez; erditik gora, oihanaren parte den karbonoa lapurtzen diete; erditik behera, karbonoa daukate airean, klima-aldaketari eraginez. Hain zuzen, basoen suntsiketa da atmosferara karbono dioxidoa askatzeko bigarren arrazoi nagusia.

Baina suntsiketari buruz ari garenez, garrantzitsua da gogoan izatea Amazonia dela paisaia guztietan indartsuena. Edertasunaren eta mirarien herria da. Munduko hartz inurrijale handiena oihan tropikalean bizi da, eta 40 kg-tik gora pisatzen ditu. Goliat tarantula txorizalea munduko armiarmarik handiena da eta hori ere Amazonian bizi da. Harpia arranoak bi metrotik gorako hego-zabalera dauka. Eta kaiman beltza, tonelada erdiko pisua izan dezakeena, giza jalea dela diote. Anakonda: sugerik handiena. Kapibara: karraskaririk handiena. Hemen, Brazilen, 91 kg-ko pisua neurtu zioten ale bati.

Goazen izaki hauek bizi diren tokira, Amazoniako ipar-ekialdera, Akuriyo tribuaren bizilekura. Kontaktatu gabeko herriek rol mistiko eta ikonikoa daukate gure irudimenean. Hori da natura ondoen ezagutzen duen jendea. Hori da benetan naturarekin erabateko harmonian bizi den jendea. Gure estandarrak kontuan izanik, batzuek primitibotzat hartuko lituzkete. Surik pizten ez dakitela, edo lehen aldiz kontaktuan jarri zirenean behintzat ez zekitela. Baina guk baino askoz hobeto ezagutzen dute oihana. Akuriyoek 35 hitz dauzkate "eztia" esateko, eta beste indioek miresmenez begiratzen diete, erreinu esmeraldako nagusiak balira bezala. Hemen nire lagun Pohnay ikus dezakezue. Ni nerabea nintzenean, eta Rolling Stones rockeroen atzetik nenbilenean nire jaioterri New Orleansen, Pohnay oihaneko nomada bat zen, Amazonia ipar-ekialdeko oihanetan hara-honaka zebilena taldetxo batekin, dibertsio bila, landare medizinalen bila, emazte baten bila eta beste talde nomada batzuen bila. Baina Ponhay bezalako jendeak guk ez dakigun gauza asko daki, eta lezio ugari dauka guri irakasteko.

Dena den, Amazoniako oihaneko txoko gehienetan ez da bizi indigenarik. Hara joanez gero zizelkatutako harkaitzak aurkituko dituzu, jente indigenak, kontaktatu gabekoak, harrizko aizkorak zorrozteko erabilitako harkaitzak. Behin batean dantza eta maitasuna egiten zuten kultura haietatik, jainkoei abesten zieten haietatik, eta oihana gurtzen zutenetatik, atzean ikusten diren harri markatuak besterik ez dira geratzen.

Goazen mendebaldeko Amazoniara, herri isolatuen epizentrora. Puntu hauetako bakoitzak kontaktatu gabeko tribu bana erakusten du. Aipagarria dena zera da, soilik kolonbiar Amazonian 14 edo 15 talde isolatu daudela.

Zergatik dauden isolatuta? Badakite existitzen garela, badakite mundu bat dagoela oihanetik haratago. Erresistentzia-mota bat da haiena. Isolatuta gelditzea erabaki dute, euren ustez giza eskubide bat delako. Zergatik ezkutatzen dira gainerako gizakiengandik? Hona hemen zergatia: Alde batetik, 1492. urteak eragina izan zuen, noski. Baina XX. mendearen hasierako kautxuaren sukarra izan zen eragile nagusia. Amazoniako oihaneko kautxu naturalaren eskaria urre-arrapalada baten baliokide botanikoa izan zen. Kautxua bizikleten gurpiletarako, kautxua autoen gurpiletarako, kautxua zeppelinetarako. Kautxua lortzeko lasterketa zoro bihurtu zen hura, eta ezkerrean ikus dezakezuen gizona, Julio Arana, istorioko maltzurrenetariko bat dugu. Bere menpekoek, bere enpresak eta antzeko beste enpresek orain ikusiko dituzuen Witotoak eta beste zenbait indio hil, sarraskitu, torturatu edo sakailatu egin zituzten.

Gaur egun ere, oihanetik ateratzen badira istorioa gutxitan amaitzen da ondo. Hauek Nukak indioak dira, 80ko hamarkadan kontaktuan jarri zirenak. Urtebetera, 40 urtetik gorako guztiak hil egin ziren. Eta gogoratu alfabetatu gabeko gizarteak direla. Helduak dira gazteen liburutegiak. Xaman bat hiltzen den aldiro, liburutegi bat erre balitz bezala da. Euren lurretatik alde egitera behartuak izan dira. Droga-trafikatzaileek Nukaken lurrak hartu dituzte, eta orain Nukakak eskale gisa bizi dira Kolonbia ekialdeko parke publikoetan. Nukak herritik hego-mendebaldera eraman nahi zaituztet, munduko paisaiarik ikusgarrienera: Chiribiquete parke nazionalera. Hiru tribu isolatu bizi ziren inguruan, eta Kolonbiako gobernuari eta lankideei esker parkea askoz handiagoa da orain, Maryland estatua baino handiagoa. Aniztasun botanikoaren altxor ezkutua da. Nire maisu Richard Schultes-ek 1943an aztertu zuen lehen aldiz botanikaren ikuspuntutik. Hemen, Bell mendiaren gailurrean dago, Karijona herriaren mendi sakratuan. Utz iezadazue orain Chiriquete gainean hegan egitea zer den erakusten, mundu galdu honetako mendiak oraindik galduta daudela erakusten. Zientzialari bat ere ez da egon gailur horietan. Egia esan, inor ez da egon Bell mendiaren gailurrean 1943an Schultes igo zenetik. Hemen geldituko gara, Bell mendia irudiaren ezkerraldean dugula. Ikus ezazue gaur nolako itxura daukan.

Ez da bakarrik aniztasun botanikoaren altxor ezkutu bat, ez da bakarrik hiru tribu isolaturen etxea, munduko aurrekoloniar artearen gotorleku baliotsuena da: 200.000 margolan baino gehiago daude. Thomas van der Hammen holandar zientzialariak Amazoniar oihan tropikaleko Sixtoren kapera dela esan zuen.

Utz dezagun atzean Chiribiquete eta goazen berriro hego-ekialdera, kolonbiar Amazoniara. Gogoratu kolonbiar Amazonia Ingalaterra Berria baino handiagoa dela. Amazonia oihan handia da, eta zati handi bat Brazili dagokio, baina ez guztia. Goazen hegoaldera kolonbiar Amazoniako bi parke nazionaletara, Cahuinari eta Puré parkeetara; eskuinaldean Brazilekiko muga dago. Eremu hori kontaktatu gabeko hainbat talde isolaturen etxea da. Ondo begiratuz gero, maloca edo etxe komunitarioen teilatuak ikus daitezke, eta aniztasun kulturala dagoela antzeman. Izan ere, tribu desberdinetakoak dira. Eremu hauek isolatuta badaude ere, utz iezadazue erakusten kanpoko mundua nola ari den indarrez sartzen. Hemen ikusten dugu Putumayoko merkataritza eta garraioaren gorakada. Kolonbian gerra zibila baretzearekin batera kanpoko mundua ate joka hasi zen. Iparraldean legez kanpoko urre-meatzeak daude, baita ekialdean, Brazil aldean ere. Helburu komertzialdun ehiza eta arrantza gehitu da. Legez kanpoko zuhaitz-mozketa hasi da hegoaldean. Eta droga-trafikatzaileak Brazilera igaro nahi dute parkea zeharkatuz. Iraganean hau zen indio isolatuekin traturik ez izateko arrazoia. Argazkia fokutik kanpo dagoela irudituko zaizue, presaka atera baitzuten. Hemen duzue arrazoia: (Barreak) Brazildar Amazoniako — (Barreak) Brazildar Amazoniako hegazkinen tailer bat dirudi. Habanako, Kubako, arte-erakusketa bat da, Los Carpinteros taldearena. Horrela adierazi dute zergatik ez dugun muturrik sartu behar indio isolatuen bizitzan.

Baina mundua aldatzen ari da. Hauek Mashco-Piro indioak dira, Brazil eta Peru arteko mugan. Ihes egin behar izan zuten oihanetik, droga-trafikatzaileak eta egurketariak jarraika zituztelako. Eta Perun negozio nazkagarri bat daukate, giza safaria deiturikoa. Talde isolatu batengana eramaten zaituzte, argazkiak egitera. Eta noski, arropa edo tresnak ematen dizkiezunean gaixotasunak ere pasatzen dizkiezu. "Giza safari" deitzen diegu. Hauek Peruko mugako indio batzuk dira; misiolariek babestutako hegazkinak euren gainean aritu ziren hegan, indioengana iritsi eta kristau bihurtu nahi baituzte. Badakigu nola amaituko den kontua.

Zer egin dezakegu? Kontaktatutako tribuei teknologia aurkeztu, baina ez kontaktatu gabekoei; eta betiere kulturarekin kontu handiz jokatuz. Hori da xamanen antzinako jakintza eta XXI. mendeko teknologia batzeko modurik egokiena. Jada 30 tribu baino gehiagorekin egin dugu; arbasoen oihaneko 28 milioi hektarea baino gehiagoren babesa taxutu, kudeatu eta hobetu dugu. (Txaloak)

Horri esker, indioek euren etorkizun kulturala eta ingurunea kontrola dezakete. Gainera, zaintza-etxeak eraikitzen dituzte, kanpotarrak sar ez daitezen. Indio horiek basozain izaten ikasi dute, baita mugak patruilatzen eta kanpoko mundua urrun mantentzen ere. Argazki honek benetako kontaktua erakusten du. Chitonahua indioak dira, Brazil eta Peru arteko mugakoak. Oihanetik irten dira laguntza eske. Tirokatuak izan dira, malokak edo etxe komunitarioak erre dizkiete, eta euretariko batzuk sarraskian hil dituzte. Kontaktatu gabeko jendea akabatzeko arma automatikoak erabiltzea gaur egun munduan giza eskubideak urratzeko modurik zital eta ankerrena da, eta amaitu egin behar du. (Txaloak)

Baina beste zerbait esanez amaitu nahi nuke. lan hau atsegina izan daiteke espiritualki, baina zaila eta arriskutsua ere bada. Nire bi lankide orain dela gutxi hil dira hegazkin txiki baten istripuan. Oihanarentzat lanean ari ziren, kontaktatu gabeko tribuak babestu nahian. Beraz, funtsean, galdera honakoa da: zer ekarriko digu etorkizunak? Hauek Brazilgo Urayak dira. Zer ekarriko die etorkizunak? Eta zer ekarriko digu guri? Pentsa dezagun beste era batean. Sor dezagun mundu hobe bat. Klima aldatzera baldin badoa, izan dadila hoberako aldaketa, ez txarrerakoa. Bizi gaitezen luxuzko landaretzadun mundu batean, herri isolatuak isolatuta mantenduko diren mundu batean eta haiek horrela erabakiz gero euren misterioa eta jakintza mantenduko duten mundu batean. Bizi gaitezen xamanak oihanean bizi diren mundu batean, eta landare mistikoak eta igel sakratuak sendagai gisa erabiltzen dituzten mundu batean. Mila esker, berriro ere.

(Txaloak)