Uste dut guri guztioi interesatu izan zaizkigula noiz edo noiz gainbehera egin zuten gizarte horien guztien misterio erromantikoak, hala nola maia klasikoenak eta Yucatangoa, Pazko uharteko biztanleenak, Anasazienak, Ekialde Hurbil emankorreko gizartearenak, Angkor Wat-ena, Zimbabwe Handiarena eta abar. Eta azken pare bat hamarkadatan, arkeologoek erakutsi digute ingurumen-arazoak izan zirela iraganeko gainbehera horietako askoren azpian. Baina leku asko zeuden munduan non gizarteak garatu ziren milaka urtean, inolako gainbehera garrantzitsuren zantzurik gabe, hala nola Japonia, Java, Tonga eta Tikopia. Beraz, nabarmenki, zenbait lekutako gizarteak kalteberagoak dira beste leku batzuetakoak baino. Nola jakin dezakegu zerk eragiten duen gizarte batzuk beste batzuk baino kalteberagoak izatea? Arazoa, jakina, esanahi handikoa da gure gaurko egoerari begira, gaur ere badirelako gizarte batzuk dagoeneko gainbehera egin dutenak, hala nola Somalia eta Rwanda eta Jugoslavia ohia. Badira, halaber, gaur egun gizarteak gainbeheratik hurbil egon daitezkeenak, esate baterako Nepal, Indonesia eta Columbia.
Eta zer esan geure buruaz? Zer ikas dezakegu iraganetik lagungarri gerta dakigukeena, iraganeko gizarte askok izan duten gainbehera saihesteko? Bistan denez, galdera horren erantzuna ez da faktore bakarraren menpeko izango. Norbaitek esaten badizu faktore bakarrean oinarrituriko azalpen bat dutela gizarteen gainbeherek, badakizu garbi hura ergela dela. Gai konplexua da hori. Baina, nola jabetu gaitezke zentzuz gai horren konplexutasunez? Gizarteen gainbeherak aztertuz. Bost puntuko eredu batera iritsi naiz. Eta azaltzera noa bost puntuok eta saiatzera gainbeherak ulertzen. Eta bost puntuko eredu hori Groenlandiako norvegiar gizartearen suntsipenaren bitartez azalduko dut. Hura europar gizarte bat da, literatur ondarea duena, beraz nahikoa dakigu jende hartaz eta beren motibazioaz. 984. urtean vikingoak Groenlandiara joan ziren, han kokatu ziren eta 1450 inguruan desagertu egin ziren -- gizarteak gainbehera egin zuen, eta haiek guztiak hil egin ziren azkenean.
Zergatik hil ziren guztiak? Hara, nire bost puntuko ereduan, lehenbizikoa gizakiek ingurumenean izandako eragina da: jendeak oharkabean suntsitu egiten ditu irauteko behar dituen oinarrizko baliabideak. Eta, vikingo norvegiarren kasuan, oharkabean lurraren higadura eta oihan-soiltzea eragin zituzten, eta hori arazo berezia zen haientzat, oihanak behar zituztelako egur-ikatza egiteko, burdina lortzeko. Beraz, azkenean Burdin Aroko europar gizarte bat ez zen gai bere burdina lortzeko. Nire zerrendako bigarren elementua klimaren aldaketa da. Klima bihur daiteke beroago edo hotzago edo idorrago edo bustiago. Groenlandiako vikingoen kasuan, klima hotzago bihurtu zen 1300. urteen azkenaldean, eta bereziki 1400. urteetan. Baina klima hotz bat ez da nahitanahiez hilgarria, zeren inuitak -- Groenlandian garai berean bizi ziren eskimalak -- okerrago ez, baizik eta hobeto ibili ziren klima hotzetan. Beraz, zergatik ez zitzaien gauza bera gertatu Groenlandiako norvegiarrei?
Nire zerrendako hirugarren aztergaia inguruko gizarte bati aitzinatzen lagun diezaieketen gizarte adiskideekiko harremanak dira. Eta adiskidantzazko laguntza hori desagertzen bada, horrek eragin dezake gizarteak errazago gainbehera egitea. Groenlandiako norvegiarren kasuan, harreman komertzialak zituzten jatorrizko herrialdearekin, Norvegiarekin, eta merkataritza hori gutxitu egin zen, partez Norvegia ahuldu zelako, partez Groenlandia eta Norvegia arteko itsasoa jelatu zelako.
Nire zerrendako laugarren elementua gizarte etsaiekiko harremanak dira. Groenlandiako norvegiarren kasuan, etsaiak inuitak ziren. Norvegiarrekin Groenlandia partekatzen zuten eskimalekiko harremanak gaiztotu egin ziren. Eta badakigu inuitek norvegiarrak hil zituztela, eta, seguru asko garrantzi handikoa izan zena, norvegiarrek urte-sasoi kritiko batean itsasoratzeko ezinbestekoak zituzten fiordoak blokeatu zituztela.
Eta azkenik, nire zerrendako azken elementua gizarteak ingurumeneko arazoak atzematea eta konpontzea bideragarriago edo zailago egiten duten faktore ekonomiko, sozial eta politikoek osatzen dute. Groenlandiako norvegiarren kasuan, beren arazoak konpontzea zaildu zuten faktore kulturalak kristau gizartea izateak zekarzkien betebeharrak izan ziren, katedraletan asko inbertituz, lehiakortasunean nagusiki oinarriturik mailakaturiko gizartea izatea eta inuitak mespretxatzea eta haiengandik ez ikasi nahi izatea. Beraz, bost ataleko ereduak balio du Groenlandiako norvegiarren gainbehera eta suntsipena azaltzeko.
Zer esan egungo gizarte batez? Azken bost urteotan nire emaztearekin eta familiarekin Montanaren hegomendebaldean bizi izan naiz, mutil gaztea nintzela belar biltzen lan egin nuen lekuan. Eta Montanak begiratu batean ematen du Amerikako Estatu Batuetako ingurumenik naturalena duela. Baina azala harrotu, eta Montanak arazo larriak dituela ikusten da. Goazen zerrenda berbera errepasatzera: gizakiok ingurumenean eragiten ditugun inpaktuak. Bai, Montanan larriak dira. Meatzeetako hondakinek eragindako toxizitate-arazoek milaka milioi dolarreko kalteak ekarri dituzte. Belar txarren kontrola Montanari ia 200 milioi dolar kostatzen zaio urtean. Montanan gatzek hondatu dituzten nekazaritza-arloak, oihanen kudeaketako arazoak, oihanetako suteen arazoak. Nire zerrendako bigarren elementua: klima-aldaketa. Bai -- Montanan klima beroago eta idorrago bihurtzen ari da, baina metaturiko elurretatik datorren urez ureztatzea beharrezkoa du Montanako laborantzak, eta elurra urtzea, adibidez, Glaziarren Parke Nazionaleko glaziarrak desagertu ahala, albiste txarra da Montanako ureztatze-laborantzarentzat.
Nire zerrendako hirugarren elementua: gizartea manten dezaketen adiskideekiko harremanak dira. Montanan gaur egun, diru-sarreren erdia baino gehiago ez dator Montanatik bertatik, baizik eta estatuaz kanpotik dator: gizarte-segurantzako transferentziek inbertsioek, etab. Montana AEBren enparauaren pentzudan egotea dakarte.
Laugarrena: etsaiekiko harremanak. Montanatarrek gainerako estatubatuarrek dituzten arazo berberak dituzte, atzerriko etsaiek sortuak, petrolio-hornikuntzan eta eraso terroristetan eragina dutenak. Eta azkenik, nire zerrendako azken elementua: horretan jarrera politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalek nola jokatzen duten. Montanatarrek sakonki erroturiko balioak dituzte, beren arazoak konpontzeko bidean oztopoak jartzen dizkietela diruditenak. Oihanetik egurra ateratzearekiko,meatzeekiko eta laborantzarekiko duten atxikimendua, eta gobernuaren erregulaziorik ez izatea. Balio horiek ondo funtzionatzen zuten iraganean, baina ez dirudi gaur egun ondo funtzionatzen dutenik.
Beraz, gainbeheren arazo horiek aztertzen ari naiz iraganeko gizarte askotan eta gaur egungo gizarte askotan. Atera al daitezke ondorio orokor batzuk? Nola edo hala, Tolstoik zoritxarreko ezkontza guztiak desberdinak direla zioenean esan zuena esan daiteke kasu honetan ere: gainbehera etorritako edo horretarako arriskuan dauden gizarte guztiek xehetasunak dituztela desberdinak, baina hala ere, badituztela tasun erkide batzuk, agertzen direnak konparatzen direnean gainbehera egin zuten edo ez zuten iraganeko gizarteak gaur egun mehatxaturik dauden gizarteekin. Ezaugarri erkide interesgarri batek zerikusia du, kasu askotan, gainbeheraren lastertasunarekin, gizartea bere puntu gorenera heldu ostean. Gizarte asko dira ez direnak pixkanaka jausten, baizik eta eraikitzen direnak, aberasten eta ahaltsuago bihurtzen direnak, eta denbora laburraren buruan, gailurrera heldu ondoko hamarkada batzuetan, gainbehera egiten dutenak. Adibidez, Yucatango lur behereetako maia gizarte klasikoak 800. urteen hasieran egin zuen gainbehera, literalki maiek beren monumenturik handienak eraikitzen ari zirenetik, eta maien biztanleria handiena zenetik hamarkada batzuetara.
Edo, orobat, Sobietar Batasunaren gainbehera Sobietar Batasuna ahaltsuena zenetik pare bat hamarkadatara, agian hamarkada baten buruan gertatu zen. Analogia bat bakterio batek Petriren kaxa batean duen ugalpena izan liteke. Gainbehera laster horiek bereziki irispidean dauden baliabideak baliabideen kontsumoarekin bat ez datozenean gerta litezke, edo inbertsio ekonomikoak potentzial ekonomikoarekin bat ez datozenean. Petriren kaxa batean bakterioa ugaldu egiten da. Demagun belaunaldi bakoitzean bikoiztu egiten dela, eta ahitu baino bost belaunaldi lehenago Petriren kaxaren 15 hamaseiren hutsik daudela eta hurrengo belaunaldian 3 laurden hutsik daudela eta hurrengo belaunaldian erdia hutsik dagoela. Petriren kaxaren erdia hutsik zegoenetik belaunaldi batera guztiz beterik dagoela. Ez dago janari gehiago eta bakterioak gainbehera egiten du. Beraz, sarri gertatzen den gauza da gizarteek gainbehera egitea, ahalmenaren puntu gorenera heldu eta berehala.
Matematika erabiliz esateko, gaur gizarte batek kezkatzen bazaitu, ez zenioke begiratu behar funtzio matematikoaren balioari, ugaritasunari berari, baizik eta funtzioaren lehen deribatuari eta bigarren deribatuari. Hori gai orokorra da. Bigarren gai orokor bat da, badirela ingurumeneko faktore asko, sarri sentikorrak izaten direnak eta gizarte batzuk beste batzuk baino kalteberagoak izatea eragiten dutenak eta ez direnak ondo ezagutzen. Adibidez, zergatik gertatzen da hori Ozeano Bareko ehunka uharteetan, zergatik gertatu zen Pazko uhartean inoizko oihan-soiltzerik suntsikorrena? Gertatzen da han bazirela bederatzi ingurumen-faktore diferente, batzuk nahiko sentikorrak, Pazko uharteko biztanleen aurka jokatzen ari zirenak, besteak beste sumendietako harriak eta laba jaustea, latitudea, euri-prezipitazioak. Agian faktorerik sentikorrena da Ozeano Bareko uharteetako ingurumenak babesten dituen mantenugaien sarrera garrantzitsu bat Asiaren erdialdetik datorren hautsaren prezipitazioa dela. Pazko uharteak jasotzen du, Ozeano Bareko uharteen artean, hautsik gutxiena lurren emankortasuna berreskuratzeko. Baina faktore hori ez genuen ezagutu ere egiten 1999 arte.
Beraz, gizarte batzuk, ingurumenari loturiko arrazoi batzuengatik, kalteberagoak dira beste batzuk baino. Eta azkenik, beste generalizazio batzuk. Zeren ez bainaiz ari ikastaro bat ematen UCLAn, UCLAko graduatu gabeko ikasleei, gizarteen gainbehera horietaz. UCLAko graduatu gabeko ikasleak benetan gogaitzen dituena da, nolatan ez zuten gizarte horiek ikusi zer ari ziren egiten? Nolatan soildu zituzten beren oihanak Pazko uharteko biztanleek? Zer esan zuten azken palmondoa botatzen ari zirenean? Ez al zuten ikusten zer ari ziren egiten? Nolatan ez ziren konturatu zer inpaktu ari ziren eragiten beren ingurumenetan eta ez ziren garaiz gelditu? Eta espero al nezake gure giza zibilizazioak jarraitzen badu, agian hurrengo mendean, jendeak galdetuko duela zergatik gaurko jendeak 2003an ez zituen ikusi gertatzen ari ziren gauza nabarmenak eta ez zituen erremedioak jarri? Iraganekoak sinetsi ezinezkoa dirudi. Etorkizunean sinetsi ezinezkoa irudituko zaie egun egiten ari garena. Eta horrela saiatzen ari izan naiz kontsiderazio multzo hierarkiko bat garatzen, gizarteek beren arazoak konpontzeko garaian huts egiteko dauden arrazoiez. Zergatik huts egiten dute arazoez jabetzeko garaian, edo haietaz jabetzen badira, zergatik huts egiten dute haiei erantzuterakoan? Edo, haiei erantzuterakoan huts egiten badute, zergatik huts egiten dute arazoa gainditzerakoan?
Bi generalizazio bakarrik aipatuko ditut arlo horretan. Oker jokatzeko oinarrizko arrazoi bat, gainbehera eragin dezakeena, erabakiak hartzen dituzten eliteen epe laburreko interesen eta oro har gizartearen epe luzeko interesen arteko gatazka da, batez ere eliteak gai baldin badira beren buruak beren jokabideen ondorioetatik libratzeko. Epe laburrean elitearentzat ona dena txarra baldin bada gizartearentzat oro har, benetako arriskua dago eliteak gizartea galbidera eramango duten gauzak egiteko. Adibidez, Groenlandiako norvegiarren artean -- lehiakortasunaren araberako gizartea izaki -- agintariek benetan nahi zutena jarraitzaile gehiago eta ardi gehiago eta baliabide gehiago izatea zen, inguruko agintarien gainetik jartzeko. Eta horrek eraman zituen agintariak lurra zigortzera: lurra neurriz kanpo ustiatzera, nekazariak menpekotasunera kondenatuz. Eta horrek ahaltsu bihurtu zituen agintariak epe laburrean, baina gizartea gainbeherara eraman zuen epe luzean.
Interes-gatazken kontu horietxek larriak dira Amerikako Estatu Batuetan gaur egun. Bereziki AEBko erabakitzaileak sarri gai izaten direlako ondorioetatik libratzeko itxituraz inguraturiko urbanizazioetan biziz, botilako ura edanez, etab. Eta azken pare bat urtean, nabaria izan da negozioen munduko eliteak garbi ikusi duela bere epe laburreko interesak aurrera atera ditzakeela berarentzat onak baina gizartearentzat oro har txarrak diren gauzak eginez, hala nola milaka miloi dolar Enron-etik eta beste negozio batzuetatik drainatuz. Aski garbi dago gauza horiek onak direla haientzat epe laburrean, nahiz eta txarrak izan gizartearentzat epe luzean. Beraz horixe da ondorio orokor bat gizarteek erabaki okerrak hartzeko dauden arrazoiez: interesen arteko gatazkak.
Eta aipatu nahi dudan beste generalizazio bat da bereziki gogorra dela gizarte batentzat erabaki onak hartzea, zenbait egoeratan egokiak izan arren, beste egoera batzuetan kaskarrak diren ongi erroturiko balioekin gatazka dagoenean. Adibidez, Groenlandiako norvegiarren kasuan, lau mende eta erdian erlijioarekiko betebeharrek eta kohesio sozial sendoak elkarturik mantendu zituzten. Baina gauza biok -- erlijioarekiko betebeharrak eta kohesio sozial sendoak -- aldi berean zaildu egin zien aldatzea eta inuitengandik ikastea. Edo gaur egun, Australia. Australiari, Europako zibilizaziotik urrun kokatu zenean, 250 urtean irautea ahalbidetu zioten gauzetako bat identitate britainiarra izan zen. Baina gaur egun, haiek identitate britaniarrarekiko duten atxikimenduak ez die askorik balio Asian duten egoerara moldatzeko. Horrela, bereziki zaila da aldatzea arazoak sortzen dizkizuten gauzak zure sendotasunaren oinarria ere badirenean.
Zein izango da ondorioa gaur egun? Hara, guk guztiok ezagutzen ditugu dozenaka erloju-bonba moduko batzuk mundu modernoan, hamarkada gutxi batzuetarako metxak dituztenak --denek ere, ez 50 urte baino gehiagorako, eta horietako edozein leher dakiguke. Uraren, lurraren klima-aldaketaren, espezie inbaditzaileen fotosintesi-sabaiaren, biztanleria-arazoen, produktu toxikoen, eta abarren erloju-bonbak -- horietako 12 zerrenda daitezke. Eta erloju-bonba horietako batzuek -- horietako batek bakarrik ere ez du 50 urte baino gehiagorako metxarik, eta badira metxak hamarkada gutxi batzuetarako -- horietako batzuek zenbait lekutan askoz metxa laburragoak dituzte. Orain daramagun martxan, Filipinek beren oihan ustiagarri guztiak galduko dituzte bost urteren buruan. Eta Solomon uharteetan urtebete bakarrik falta zaie beren oihan ustiagarriak galtzeko, eta hori da beren esportazio nagusia. Eta hori izugarria izango da Solomon uharteetako ekonomiarentzat. Jendeak askotan galdetzen dit, Jared, zein da egin behar dugun gauzarik inportanteena munduko ingurumen-arazoei dagokienez? Eta nire erantzuna hauxe da: egin behar dugun gauzarik inportanteena egin behar dugun gauzarik inportanteena bat bakarra dela ahaztea da. Aitzitik, dozenaka gauza dira, salba gaitzaketenak. Eta haiek guztiak ondo egitea lortu behar dugu, zeren 11 soluzionatzen baditugu, eta hamabigarrena soluzionatzean huts egiten badugu, arazoak izango ditugu. Adibidez, urarekin eta lurrarekin ditugun arazoak konpontzen baditugu, baina ez baditugu konpontzen produktu toxikoekin ditugun arazoak, gaizki ibiliko gara.
Kontua da gure oraingo martxa ez dela jasangarria, eta horrek esan nahi du definizioz ezin dela mantendu. Eta ondorioak hamarkada batzuk beharko ditu konpontzeko. Horrek esan nahi du gela honetan gaudenon artean 50 edo 60 urte baino gutxiago ditugunok ikusiko dugula paradoxa horiek nola konpontzen diren, eta 60 urtetik gora ditugunok ezin izango dugula soluzioa ikusi, baina gure seme-alabek eta bilobek seguru ikusiko dutela. Soluzioak bi forma hauetakoren bat izango du: edo konpontzen ditugu jasangarriak ez diren metxa horiek geuk aukeratzen ditugun bide atseginak erabiliz edota bestela gatazka horiek gure esku ez dauden modu ez-atseginetan -- bereziki gerren, gaixotasunen edo goseteen bidez aldatuko dira. Baina segurua da gure martxa ez-jasangarria era batera edo bestera soluzionatuko dela hamarkada batzuen buruan. Bestela esateko, saio hau aukerez denez, badugu aukera. Horrek esan nahi al du ezkorrak izan eta etsi egin behar dugula? Nik alderantzizko ondorioa ateratzen dut.
Munduak gaur egun dituen arazo handiak ez daude inola ere gure kontrolaz haraindi. Dugun mehatxurik handiena ez da gainera etorriko zaigun asteroide bat, ezer egiterik uzten ez digun ezer. Ostera, gaur egun aurrean ditugun mehatxu nagusiak erabat gure esku dauden arazoak dira. Eta arazoak sortzen ditugunez, konpondu ere egin ditzakegu. Horrek esan nahi du erabat gure esku dagoela arazo horiek konpontzea. Zehazki, guk guztiok zer egin dezakegu? Aukera horietan interesaturik zaudetenontzat, gauza asko egin ditzakezue. Ulertzen ez ditugun gauza asko daude ulertu behar ditugunak. Eta gauza asko daude dagoeneko ulertzen ditugunak, baina egiten ez ditugunak, eta egin behar ditugunak. Eskerrik asko. (Txaloak)
You can share this video by copying this HTML to your clipboard and pasting into your blog or web page. This video will play with subtitles.
You either have JavaScript turned off or have an old version of the Adobe Flash Player. To view this rating widget you
need to get the latest Flash player.
If your browser allows only "trusted sites" to execute Javascript, you should add the "googleapis.com" domain to your whitelist to allow our Flash detection to work properly.
Got an idea, question, or debate inspired by this talk? Start a TED Conversation.
Zergatik hutsegiten dute gizarteek? Burdin Aroko Groenlandiako norvegiarrengandik, oihanez soilduriko Pazko uhartetik eta gaur egungo Montanatik ateratako ikasbideak oinarritzat harturik, gainbehera hurbil dela adierazten duten zantzuez eta nola -- garaiz antzematen badiegu--aurrea har diezaiekegun haiei esaten digu Jared Diamond-ek.
Jared Diamond investigates why cultures prosper or decline. In his latest book, he suggests that technological civilization is only a fraction of the human narrative. Full bio ยป
Translated into Basque by Andoni Sagarna
Reviewed by olatz mercader
Comments? Please email the translators above.
17:26 Posted: Jan 2007
Views 669,485 | Comments 154
22:01 Posted: Jan 2007
Views 993,184 | Comments 294
19:11 Posted: Jan 2007
Views 522,536 | Comments 107
Just follow the guidelines outlined under our Creative Commons license.
This comment will be attributed to . Not ? Sign Out.