Bere bizitza profesional osoan zehar ikustezina izaten ahalegindu den norbaitentzat jendaurrean agertzea gorputzaz kanpoko esperientzia baten eta faroen argiek itsututako oreinak sentitzen duenaren arteko zerbaiten antzekoa da, beraz, barkaidazue TEDen aginduetako bat haustea paperean idatzitako hitzetaz fidatuz. Soilik bukatu baino lehen tximista batek harrapa ez nazan espero dut. Argazkilari dokumentala izatera bultzatu ninduten ideietako batzuei buruz mintzatuz hasi nahiko nuke.
Ikaslea nintzen 60ko hamarkadan, gizarte-asaldura eta eztabaiden garai batean eta, pertsonal mailan, idealismo sentimendu baten hasiera. Vietnamgo gerra goren mailan zegoen; eskubide zibilen aldeko mugimendua abian zen; eta irudiek eragin bizia zeukaten nigan. Gure buruzagi politiko eta militarrek gauza bat esaten ziguten eta argazkilariek beste bat. Nik argazkilariengan sinesten nuen, beste miloika estatubatuarrek bezala. Euren irudiek gerra eta arrazakeriaren aurkako erresistentzia suspertu zuten. Ez zuten historia erregistratu soilik; historia aldatzen lagundu zuten. Euren argazkiak gure kontzientzia kolektiboaren parte bihurtu ziren, eta, kontzientzia hau bateratua izatera pasa zenean, aldaketa ez zen soilik posible bihurtu, ezinbestekoa baizik.
konturatu nintzen kazetaritzak dakarren informazio askearen jarioak, bereziki argazki kazetaritzak, erabaki politikoen onurak zein ondorioak nabarmendu ditzakela. Erabaki onuragarriei sinesgarritasuna eman diezaieke, euren arrakasta bultzatuz. Erabaki politiko txar edo geldotasun politikoaren aurrean, bitartekotza batean bilakatzen da, kalteen berri emanez eta gure jokaera berrazter dezagun eskatuz. Giza aurpegi jartzen die, urrunetik, euren inpaktu globalean, abstraktuak, ideologikoak edo monumentalak diruditen arazoei. Oinarrian gertatzen dena, boterearen korridoreetatik urrun, herritar arrunt orori gertatzen zaie.
Eta ulertu nuen argazkilaritza dokumentalak gertakizunak euren ikuspegitik interpretatzeko gaitasuna duela. Hitza ematen die bestela hitzik edukiko ez luketen horiei. Eta, ondorioz, iritzi publikoa suspertzen du eta jendarteko eztabaidari bultzada ematen dio, horrela, interesdunek agenda guztiz kontrola dezaten eragotziz, haiek horixe lortzea nahiko luketen arren. Garai hoietan heltzeak egiazko egin zuen gizarte aske eta dinamiko batek behar bezala funtzionatzeko informazio askearen jarioa guztiz beharrrezkoa duenaren kontzeptua. Prentsa, zalantzarik gabe, negozio bat da, eta bizirauteko negozio arrakastatsua izan beharra dauka, baina oreka egokia aurkitu behar da marketin kontuen eta kazetaritza-erantzukizunen artean.
Gizartearen arazoak ezin daitezke konpondu identifikatuak izan diren arte. Maila gorenago batean, prentsa zerbitzu industria bat da, eta eskaintzen duen zerbitzua kontzientziazioa da. Istorio guztiek ez dute zertan zerbait saldu behar. Emateko garai bat ere badago. Hau da nik jarraitu nahi nuen tradizioa. Gerrak bertan zeudenei eragiten zizkien arrisku izugarriak ikusita eta argazki kazetaritza gatazkak konpontzeko tresna bat izan zitekeela jakinda, argazkilari izan nahi nuen gerra-argazkilari izan ahal izateko. Baina berezkoa nuen sentimendu batek gidatzen ninduen gerraren benetazko aurpegia ezagutzera ematen zuen argazki bat, ia definizioz, gerraren aurkako argazki bat izango zela, alegia.
Azken 25 urteetan sartua egon naizen gertakizunen eta gatazken zeharreko ikus-bidaia batera eraman nahi zintuzketet. 1981ean, Ipar Irlandara joan nintzen. IRAko hamar preso, kartzela baldintzen aurkako gose-greba baten ondorioz hiltzear zeuden. Erantzun gisa, kaleetan istilu larriak izan ziren. Ikusi nuen gaur egungo gerrak ez direla urrutiko gudu-zelaietan borrokatzen, jendea bizi den lekuetan baizik. 80ko hamarkadaren hasieran zehar, denbora luzea pasa nuen Erdialdeko Amerikan, zeina Gerra Hotzaren zatiketa ideologikoa lausotzen zuen gerra zibiletan murgilduta zegoen.
Guatemalan, gobernu zentralak --europarren ondorengo zen oligarkia baten menpe zegoena-- lur kiskaliaren taktika hasia zuen matxinada indigena baten aurka, eta Latinoamerikaren historia islatzen zuen irudi bat ikusi nuen: Bibliaren eta ezpataren konbinazioaren bitartezko konkista. Sandinisten aurkako gerrillari bat larriki zauritua izan zen Zero Komandantea Nikaragua hegoaldeko herri bat erasotzen ari zela. Somozaren Guardia Nazionalaren tanke suntsitu bat monumentu gisa utzi zuten Managuako parke batean, eta ume baten energiak eta izpirituak transformatu egin zuen. Aldi berean, gerra zibila zegoen El Salvadorren, eta, berriro, populazio zibilak gatazkaren erdian aurkitu zuen bere burua.
Palestinarren eta israeldarren arteko gatazkari buruz berri eman dut 1981etik. Hau bigarren intifadaren hasierako une bat da, 2000n, noiz harriak eta molotovak zeuden oraindik armada baten kontra. 2001ean, altxamendua borroka armatu bihurtu zen, eta gertakari larrienetariko bat errefuxiatu palestinarren kanpalekuaren suntsipena izan zen, Zisjordaniako Jenin herrian. Oinarrizko adostasun bat lortzeko borondate politikorik gabe, taktikaren eta kontrataktikaren tirabira etengabeak susmo txarra, gorrotoa eta mendekua dakartza soilik, eta indarkeriaren zikloa betikotzen du.
90eko hamarkadan, Sobietar Batasuna desegin eta gero, Jugoslavia faila-lerro etnikoetan zehar puskatu eta gerra zibila piztu zen Bosnia, Kroazia eta Serbiaren artean. Hau etxez etxeko borrokaren une bat da, Mostarren, auzotarrak auzotarren aurka. Logela bat, jendeak une intimoak igarotzen dituen tokia, non bizitza bera sortzen den, gudu-zelai bihurtu zen. Serbiar artilleriak Bosnia iparraldeko mezkita bat suntsitu zuen eta gorputegi inprobisatu bezala erabili zuten. Hildako serbiar soldaduak jaso zituzten bataila baten ondoren eta truke gisa erabili zituzten bosniar presoen edo gudan hildako bosniar soldaduen truke. Hau parke bat izan zen behin. Gidatzen ninduen soldadu bosniarrak esan zidan bere lagun guztiak bertan zeudela orain.
Aldi berean, Hegoafrikan, Nelson Mandela espetxetik atera eta gero, biztanleria beltzak apartheid-etik askatzeko azken fasea hasi zuen. Kazetari bezala ikasi behar izan nuen gauzetariko bat nire amorruarekin zer egin izan zen. Erabili beharra nuen, bere energia bideratu, nire ikusmena itsutu beharrean argituko zuen zerbaitean bihurtu. Transkein, Xhosa tribuaren heldutasunerako pasabide-erritu baten lekuko izan nintzen. Gazteak isolaturik bizi ziren, gorputzak buztin zuriz estalita zituztela. Aste batzuk geroago, zuria garbitu eta gizonen erantzukizun guztiak hartu zituzten euren gain. Hegoafrikako aurpegia aldatzen ari zen borroka politikoaren ikur zirudien erritual zaharra zen.
Soweton, umeak tranpolin batean jolasean. Afrikako beste toki batzuetan gosetea zegoen. Somalian, gobernu zentrala kolapsatu eta klanen arteko gerra piztu zen. Nekazariak euren lurretatik bota zituzten eta uztak eta abereak suntsituak edo lapurtuak izan ziren. Gosetea suntsipen handiko arma gisa erabili zen, primitiboa baina izugarri eraginkorra. Ehundaka mila pertsona sarraskituak izan ziren, astiro eta era oso mingarrian. Nazioarteko komunitateak laguntza humanitario zabala eskainiz erantzun zuen, eta beste ehundaka mila pertsonaren biziak salbatu zituen. Amerikar tropak bidali zituzten kargamenduak babesteko, baina liskarrean nahastuak bukatu zuten, eta Muqdishoko bataila zoritxarrekoaren ondoren, erretiratu egin zituzten. Hego Sudanen, beste gerra zibil batean, gosetea berriro ere erabili zen genozidio tresna gisa.
Beste behin, nazioarteko GKEak, NBEren babespean elkarturik, itzelezko laguntza operazio bat burutu zuten eta milaka bizitza salbatu zituzten. Lekuko bat naiz, eta nire testigantza zintzoa eta zentsura gabea izatea nahi dut. Sendo eta elokuente ere izan nahi dut, eta ahalik eta ongien islatzea argazkia ateratzen ari natzaien pertsonek jasandakoa. Gizon hau GKE baten elikadura zentroan zegoen, eman ahal zioten beste laguntza jasotzen. Ez zeukan ezer, literalki. Eskeleto bat zen kasik, baina oraindik gai zen mugitzeko behar zituen kuraia eta borondatea biltzeko. Ez zegoen etsita, eta berak ez bazuen etsi, nola pentsa zezakeen beste edonork itxaropena galtzea? 1994an, Hegoafrikako hauteskundeei buruz hiru hilabetez berri eman eta gero, Nelson Mandelaren inbestidura-ekitaldia ikusi nuen, eta sekula ikusi nuen gauzarik bizigarriena izan zen. Gizateriak eskaintzeko duen onenaren adibide zen. Hurrengo egunean Ruandarantz abiatu nintzen, eta infernuranzko igogailu azkarra hartzea bezala izan zen.
Gizon hau hutuen heriotza kanpaleku batetik askatu berria zen. denbora luzez utzi zidan berari argaziak ateratzen, eta bere aurpegia argirantz bueltatu ere egin zuen, nik hobeto ikustea nahiko balu bezala. Uste dut bazekiela bere aurpegiko orbainek zer esango zioten munduari. Honako honetan, agian Somaliako hondamendi militarragatik nahasturik edo uzkurturik, nazioarteko komunitateak ez zuen ezer egin, eta 800.000 pertsona inguru sarraskitu egin zituzten beraien aberkideek eurek --batzuetan euren auzokideak-- laborantza tresnak arma bezala erabilita.
agian zerbait ikasi zutelako Bosniako gerrari emandako erantzun ahulaz eta Ruandako porrotaz, Serbiak Kosovo erasotu zuenean, nazioarteko erantzuna askoz ere tinkoagoa izan zen. NATOren indarrak erasoan sartu, eta serbiar armada erretiratu egin zen. Etnia albaniarreko pertsonak erail egin zituzten, euren landetxeak suntsitu eta pertsona kopuru ikaragarri bat erbesteratua izan zen. GKEek Albanian eta Mazedonian egokitutako errefuxiatu kanpalekuetan hartu zituzten. Bere etxe barruan bertan erre zuten gizon baten aztarna. Irudiak haitzuloetako margo bat gogorarazi zidan, eta oraindik jokabide askotan zein primitiboak garen islatu zuen.
1995 eta 1996 artean, Txetxeniako lehen bi gerrei buruz berri eman nuen Grozny barnetik. Hau txetxeniar errebelde bat da, errusiar armadaren kontrako fronte lerroan. Errusiarrek asteetan zehar etengabe bonbardatu zuten Grozny, batez ere, oraindik bertan harrapatuta zeuden zibilak erailez. Bertako umezurztegi bateko haur bat aurkitu nuen fronte lerroan noraezean zebilela. Nire lana ia guztiz gerrei buruzkoa izatetik gizarte arazo larrietan ere arreta jartzera pasa da. Ceaucescuren erorialdiaren ondoren, Errumaniara joan nintzen eta umeentzako gulag baten antzeko bat aurkitu nuen, non milaka umezurtz Erdi Aroko baldintzetan mantentzen zituzten. Ceausescuk kuota bat inposatu zuen familia bakoitzak produzitu beharreko ume kopuruari buruzkoa, horrela, emakumeen gorputzak estatuaren politika ekonomikoaren tresna bihurtuz. Familiek mantendu ezin zituzten umeak gobernuaren umezurztegietan hazten ziren. Sortzetiko malformazioak zituzten umeak sendaezintzat jotzen zituzten, eta biziarteko konfinamendua jasaten zuten baldintza krudeletan.
Salaketak agertu ahala, berriro, nazioarteko laguntza heldu zen. Ekialdeko Europako erregimenen ondarean sakonago barneratuz, zenbait hilabeteetan zehar, kutsadura industrialaren ondorioei buruzko istorio batean egin nuen lan, ingurugiroarekiko, langileekiko edo biztanleria orokorraren osasunarekiko begirunerik eduki ez zuten lekuetan. Czechoslovakiako aluminio fabrika bat ke eta hauts kartzinogenoz beterik zegoen, eta bostetik lau langile minbiziak jota zeuden.
Indonesian, Suhartoren erorialdiaren ondoren, pobrezia baldintzak aztertzen hasi nintzen modernizazio bidean zegoen herrialde batean. Denbora dezente eman nuen gizon batekin zein bere familiarekin bizi zen trenbidearen lubeta batean eta zeinak beso bat eta zango bat galdu zituen tren istripu batean. Istorioa argitaratu zenean, eskatu gabeko donazioak heldu ziren barra-barra. Fundazio bat sortu zen, eta orain familia landetxe batean bizi da eta euren oinarrizko beharrak asetuak daude. Istorioak ez zuen ezer saldu nahi. Kazetaritzak bide bat eman zion jendearen berezko eskuzabaltasun senari, eta irakurleek erantzun egin zuten. Landatik Jakartara etorri eta tren geltoki batean bizitzen bukatu zuten etxerik gabeko ume talde batekin topo egin nuen. 12 edo 14 urte zituztenerako, eskaleak ziren eta drogen menpe zeuden. Landetako behartsuak hirietako behartsu bilakatu ziren, eta prozesu horretan, ikustezin bilakatu ziren.
Pakistanen, desintoxikatzen zeuden heroinomano hauek Becketten antzezlan bateko pertsonaiak gogorarazi zizkidaten: isolaturik, iluntasunean itxaroten, baina argiak erakarrita. Agente laranja Vietnameko gerran Vietcong eta Hego Vietnamgo armadei babesa eragozteko erabili zen defoliante bat izan zen. Osagai aktiboa dioxina zen, erabat toxikoa den gai kimikoa, zeina kopuru handitan isuria izan zen, eta zeinaren ondorioak geneen bitartez hurrengo belaunaldietara igaro diren. 2000an, mundu mailako osasun arazoak dokumentatzen hasi nintzen, Afrikako HIESetik hasita. Istorioa laguntza-emaileek egiten duten lanaren bitartez kontatzen saiatu nintzen. Pentsatu nuen garrantzitsua zela nabarmentzea jendea laguntza jasotzen ari zela, nazioarteko GKEen ala bertako gizarte erakundeen bitartez.
Izurriteak hainbeste ume utzi zituen umezurtz, amonek hartua zutela gurasoen tokia, eta ume asko GIBarekin jaiotakoak ziren. Eritetxe bat Zambian. GIB/HIESAren eta tuberkulosiaren arteko lotura estua hasi nintzen dokumentatzen. Hau MSFren erietetxe bat da, Kanbodian. Nire argazkiek GKEen lana lagundu dezakete eskuartean dituzten gizarte arazo larriak argitara emanez. Kongora joan nintzen MSFrekin, eta liburu eta erakusketa batean parte hartu nuen zeintzuk ahastutako gerra batean jartzen zuten arreta non miloika pertsona hil diren, eta tratamendurik gabeko gaixotasuna arma bezela erabitzen den. Malnutrizioak jota dagoen haur bat pisatzen dute elikatze programa osagarri baten parte bezala.
2004ko udazkenean, Darfurera joan nintzen. Oraingoan, aldizkari batentzako ari nintzen lanean, baina berriro gertutik lan egin nuen MSFrekin. Nazioarteko komunitateak ez du oraindik modurik aurkitu, beharrezko presioa sortuz, genozidio honi bukaera emateko. MSFren erietetxe bat pertsona desplazatuen kanpaleku batean. Krimena eta zigorra Estatu Batuetan gaitzat duen proiektu zabal batean aritu naiz lanean. Hau New Orleanseko irudi bat da. Alabaman, preso-kate bateko kide bat zigortzen dute zutoin batera lotuz eguerdiko eguzkipean. Esperientzia honek galdera asko ekarri zituen, hauen artean, arrazari eta berdintasunari buruzkoak eta norentzako dauden gure herrian abaguneak eta aukerak eskuragai. Alabamako preso-kate bateko patioan.
Ez nuen hegazkinen talka ikusi, eta nire leihotik begiratzean, lehenengo dorrea ikusi nuen sutan, eta pentsatu nuen agian istripu bat izan zela. Minutu batzuk geroago, berriro begiratu eta bigarren dorrea sutan ikustean, gerran geundela jakin nuen. Zero Eremuko hondakinen artean, gauza batez jabetu nintzen. 1981etik argazkiak ateratzen egona nintzen mundu islamiarrean --ez bakarrik Ekialde Hurbilean, baita Afrikan, Asian eta Europan ere--. Toki desberdin hauetan argazkiak ateratzen nenbilela, istorio ezberdinak zirela uste nuen, baina 9/11ean historia kristalizatu egin zen, eta ulertu nuen, egiatan, istoria bakar bati buruz berri ematen ibili nintzela 20 urte baino gehiagotan, New Yorkeko erasoa honen azken adierazpena zelarik.
Kabul erdiko barruti komertziala, Afganistanen, gerra zibilaren bukaeran, hiria Talibanen eskuetan erori baino pixka bat lehenago. Lurreko minen biktimek laguntza jasotzen dute Alberto Cairok zuzendutako Gurutze Gorriaren errehabilitazio zentro batean. Mina bategatik zangoa galdu zuen haur bat. Sekulako sufrimenduaren lekuko izan nintzen islamiar munduan zapalkuntza politiko, gerra zibil, atzerriko inbasio, txirotasun eta goseteen ondorioz. Ulertu nuen bere sufrimenduan mundu islamiarra garrasika egona zela. Zergatik ez genuen jaramonik egin? Taliban gudulari bat batailan tirokatua Iparreko Aliantza Kunduz hirira sartzen zegoela. Irakeko gerra hastear zegoela, konturatu nintzen tropa estatubatuarrei buruz nahikoa berri egongo zela, horregatik, inbasioa Bagdad barnetik jarraitzaea erabaki nuen. Mortero obus batek azoka bat jo eta familia bereko hainbat kide hil zituen. Tropa estatubatuarrak Bagdaden sartu eta egun bat geroago, marine konpainia bat banku-lapurrak atxilotzen hasi zen eta jendetzaren txaloak jaso zituen --itxaropentsua izan zen momentu laburra--.
Urteetan lehenengo lehenengoz, xiiek baimena izan zuten Ashura ospatzeko Karbalara erromesaldia egiteko, eta txundituta utzi ninduen bildutako jendetzak eta beren erlijioaren jarraipen sutsuak. Gizon talde bat kaleetan zehar doa beren buruei aiztoekin ebakiak eginez. Nabaria zen Xiiak kontuan hartu beharreko indar bat zirela, eta onuragarri izango zitzaigula haiek ulertzea eta beraiekin zelan tratatu ikastea. Joan den urtean hilabete batzuk igaro nituen gure zauritutako tropak jarraitzen, Irakeko gudu-zelaitik etxeraino.
Helikoptero bateko sendagilea erreanimazio teknikak egiten buruan tiro bat jasotako soldadu bati. Medikuntza militarra hain eraginkorra bihurtu da, non zaurituak izan eta gero bizirik ateratzen diren tropen ehunekoa askoz handiagoa den gerra honetan gure historiako beste edozein gerratan baino. Gerrako sinadura arma “inprobisatutako gailu lehergarria” da, eta bere zauria zangoetako kalte larriak. Sekulako mina eta trauma pairatu eta gero, zaurituek borroka fisiko eta psikologiko neketsu bati egin behar diote aurre errehabilitazioan. Erakutsi zuten adorea guztiz apartekoa zen. Nire burua euren tokian jartzen saiatu nintzen, eta erabat apalduta utzi ninduten zeukaten kuraiak eta tinkotasunak horrelako galera katastrofikoa jasan eta gero. Jende zintzoa oso egoera txarrean jarria izan zen emaitza zalantzagarri batzuk lortzearren. Behin, errehabilitazioan, norbait surf egiteari buruz mintzatu zen eta sekula surfeatu ez zuten mutil hauek guzteik esan zuten, "Aizak, goazemak". Eta surfeatzera joan ziren.
Argazkilariak giza bizipenen azken muturreraino joaten dira jendeari gertatzen ari dena erakusteko. Batzuetan euren biziak arriskuan jartzen dituzte, zuen iritziek eta indarrak merezi dutela uste dutelako. Argazkiak zuen sen onenetara bideratzen dituzte: eskuzabaltasuna, onaren eta txarraren arteko sentimendua, besteekin identifikatzeko gaitasuna eta desioa, onartezina dena onartzearen ukapena. Nire TED nahia: kontatu beharreko bizi-istorio bat dago, eta TEDek bertan barneratzen lagun nazan nahiko nuke, eta baita modu berritzaileak eta zirraragarriak sortzen laguntzea prentsa argazkilaritza garai digitalean erabiltzeko. Mila esker.
You can share this video by copying this HTML to your clipboard and pasting into your blog or web page. This video will play with subtitles.
You either have JavaScript turned off or have an old version of the Adobe Flash Player. To view this rating widget you
need to get the latest Flash player.
If your browser allows only "trusted sites" to execute Javascript, you should add the "googleapis.com" domain to your whitelist to allow our Flash detection to work properly.
Got an idea, question, or debate inspired by this talk? Start a TED Conversation.
Bere 2007ko TED Saria onartuz, James Nachtwey gerra-argazkilariak bere bizitzako lana erakutsi eta TEDi eskatzen dio garai digitalean prentsa argazkilaritzaren erabilpen berritzaile eta zirraragarri baten bitartez istorioa kontatzen jarraitzen lagun dakion.
Photojournalist James Nachtwey is considered by many to be the greatest war photographer of recent decades. He has covered conflicts and major social issues in more than 30 countries. Full bio »
Translated into Basque by Ion Zubizarreta
Reviewed by Tania Filgueira
Comments? Please email the translators above.
34:25 Posted: Oct 2006
Views 387,611 | Comments 49
22:01 Posted: Jan 2007
Views 978,036 | Comments 293
11:14 Posted: Jun 2008
Views 867,023 | Comments 199
Just follow the guidelines outlined under our Creative Commons license.
This comment will be attributed to . Not ? Sign Out.